Andoaingo gazteak elkartuko dituen dinamika zehazten hasi ziren atzo, Basteron egindako bileran

gazte

Bideoa

Atzo osatu zen gazteen parte hartze prozesuaren bigarren fasea. Basterora bertaratu zirenek aurretik finkatutako proposamen guztien artean erabaki zehatzago bat hartzea izan zuten helburu.

Kirola, azpiegitura, lana eta etxebizitza, espazioa eta aisialdirako eskaintzarekin zeuden lotuta lehenengo fasean jasotako proposamenak. Horietako asko, ordea, ideia orokor eta abstraktuak dira; gazteen parte hartzea lortzea, esaterako; edota, aurrekontutik kanpo geratzen dira, etxebizitzen arazoari aurre egitea, adibidez. Horregatik, atzoko bilera proposamen zehatzago bat garatzeko erabili zuten.

Andoaingo arazo nagusiena gazteriaren sakabanaketa eta belaunaldien arteko harreman falta dira. Hori dela eta, gazte dinamika baten bitartez, arazo horri buelta eman nahi diote. Gazte dinamika hori definitzea da, beraz, orain egin beharrekoa. Atzo hasi ziren horretan eta gazteak festaren aitzakian mugitzen direnez, festarekin lotutako zerbait egitea adostu zuten.

Andoainen koadrillen egunak indar handia duenez, antzeko beste egun bat antolatzea interesgarria iruditu zitzaien, herriari bizia emateaz gain gazteen arteko komunikazioa ahalbidetu dezakeelako. Baltsa jaitsiera festetan egin ordez beste egun batean antolatzea proposatu zuten, edota garai batean izandako olinpiadak berreskuratzea, koadrillen arteko joko edota bazkaria izango dituen festa egun bat, kontzertuak…

Ideiak finkatzen hasi ziren, baina ez zuten guztiz zehaztu. Hala ere, argi dute ekintza edo ekintza sorta horiek gazteak elkartu eta mugitzeko izango direla, perfil ezberdinetako gazteak elkarlanean jarriko dituena, guztientzako hurbiltzeko erraza izango den tokian eta, posible balitz, behin baina gehiagotan egingo dena. Gainera, antolatzaileak gazteria guztiaren lagin txiki bat izatea nahiko lukete, adin eta inguru ezberdinetako gazteak elkartutako taldea izatea, alegia.

Ideia hauek guztiak azaroaren 19ko bileran zehaztuko dituzte. Udalak orain arteko proposamen guztiak jaso ditu eta horiek aztertzen ari da, bideragarriak direnak emango dituelako aurrera. Prozesu honen azkeneko bilera izango da 19koa eta bertan proposamen bideragarriak zeintzuk diren azalduko dute. Horien artean erabaki eta guztiz zehaztea izango da gazteen lana.

Bigarren bilera emankorra Gaztetxean

gazte2

Atzo -urriak 14- gazteen prozesu parte hartzailearen bigarren solasaldia izan zen Gaztetxean eta bertara hamar lagun bildu ziren. Andoainen hutsuneak eta indarguneak identifikatzea izan zen bileraren helburua, eta talde txikitan lan egin bazuten ere, denek behar antzekoak zituztela ikusi zuten.

Andoaingo gazteria sakabanatuta zegoela azaldu zuten, ez zutela inon biltzeko espaziorik ez ekintzarik. Bakoitza bere koadrilarekin ibiltzen omen da, goikoak goian geratuz eta behekoak behean geratuz. Ez dute belaunaldi arteko komunikaziorik eta hori sustatzeko ekintzarik, horregatik, askok Gaztetxera jotzen dutela aitortu zuten. Garai batean Gaztetxeak gazteria osoa zentralizatzen zuela, baina hori galdu egin dela zioten. Egoera horretara itzultzea amesten dute.

Guztiek aipatu zuten Bastero bezalako kulturgune bat herrian izatea oso indartsua dela, baina kexa agertu zuten ez duelako gazteentzako programaziorik eskaintzen, haurrei edo helduei begirakoa soilik. Ondorioz, kultur eskaintza murritzaz gain, gazteei begirako ekintzak nahi dituzte; ikastaro berritzaileak, esaterako. Kulturari lotuta, herrian dauden kultur eragileen arteko komunikazio falta dagoela adierazi zuten, herrian zehar sakabanatuta daudela eta ez dutela ezer bateraturik sortzen. Denak gertuago egongo balira, herriari begirako zerbait sortuko luketela zioten.

Beraz, kulturari bultzada ematea eskatzen diete Udalari. Baita musikari ere; izan ere, entseguetarako lokal falta dutela eta gainontzeko herrietan bezala, Udalaren aldetik lokal insonorizatuak lortzeko aukera eskatu zuten. Azkenik, herriko eraikin publikoen berrantolaketa eskatu zuten; liburutegi hobea eskatuz, esaterako.

Behar nagusiak eta proposamenak

Ideia sorta horren ostean, bilerara hurbildutakoek lehentasunak azpimarratu zituzten. Guztietan lehena, gazteria aktibatzea zela esan zuten. “Ez dut uste herri honen arazoak diruarekin konpondu daitezkeenik”. “Gazteria hilda dago, parte hartzea falta da”. Behar nagusietako bat kaleari bizia jartzea zela zioten. Kultur eskaintzen bidez, gazteen arteko komunikazioa ahalbidetzeko eta harremanak indartzeko.

Horrez gain, azpiegiturak berrantolatzeko eskatu zuten; hutsik zeuden espazioei erabilera emanez (musika lokalak, kultur taldeentzako espazio bateratua, etxe hutsak eskuragarriago jarri…), eta existitzen direnak aldatuz (liburutegi hobea…).

Honakoak izan ziren Udalari egindako proposamen zehatzak:

  • Gazteentzako kultur programazio zehatza, bai kalean bai espazio itxietan. Gazteak irizpide izatea eta Udalak gazteekin elkarlanean antolatzea.
  • Eraikin publikoen berrantolaketa (gazteak biltzeko, entseatzeko, ikasteko…).
  • Tailer komunalak (sorkuntza, konponketa, ikastaroak…) eta baratza komunala.
  • Herriko elkarteen sarea osatzea, harremana sortu eta elkarrekin ekintzak sortzeko. Laguntza burokratikoa Udalaren aldetik.
  • Utzita dauden leku irekiak berritu (beheko plaza berregokitu, plazak txukundu, aulkiak jarri…). Espazio irekiak kirolerako egokitu (gimnasio irekia kiroldegi atzean, tren geltokian parkean skate park-a…).
  • Etxebizitza hutsen kudeaketa. Alokairu soziala sustatu, kudeaketa publiko bidez.

 

Lehen bilera egin zuten Ondarreta ikastetxean

parte

Atzo -urriak 8- izan zen Andoaingo gazteen prozesu parte hartzailearen lehenengo bilera. Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak gutun bidez gonbidatuta egon arren, parte hartzea ez zen oso handia izan. Presentzialki gutxi arren, idatziz proposamenak bidali dituzten ikasleen kopurua 20 ingurukoa izan zen.

Hitzordura hurbildu ziren 16 urteko bi gazte horiek gogotsu eta ideiak elkarbanatzeko asmoarekin etorri ziren. Lagun artean hitz egindakoa helarazi zieten Aztikerreko dinamizatzaileei. Andoaingo euskararen egoerarekin kezkatuta daudenez, horren aurrean zerbait egitea gustatuko litzaiekela adierazi zuten. “Gure adinean euskaraz hitz egiten dugu, baina atzetik datozen belaunaldiek gaztelerara jotzen dute. Kalean ere ez da euskararik entzuten… Beraz, euskara sustatzeko zerbait sortu nahi dugu”.

Bestalde, 16-17 urte inguruko gazteak asteburuetan elkartzeko espazio falta sumatzen dute. Izan ere, Gazte Lokalera joateko zaharregiak eta Gaztetxera joateko gazteegiak sentitzen dira. Bi espazio horien artean galduta, Allurraldera eta Ubitartera jotzen dute partidak ikustera. Gainera, adinka oso sailkatuta daudela azaldu zuten, eta adin ezberdinetako gazteak ez direla elkarrekin harremantzen. Horregatik, asteburuetan kultur jarduerak sustatzea eskatzen dituzte, adin horretako gazteak nonbait bildu eta elkarren artean ezagutzeko.

Parte hartze prozesu honetan Andoaingo gazteek proposamenak egiteko aukera daukate, blog honetan bertan. Eta horrez gain, datorren astean beste bi bilera deitu dituzte. Hitzordu zehatzak Egutegia atalean ikusgai daude.