Gazteentzako festa eguna antolatuko dute Andoainen

gazte1

Parte hartze prozesuak eman ditu fruituak eta Andoaingo gazteek argi dute; herriko gazteak piztu, elkartu eta mugituko dituen jai egun bat behar dute. Egun horri begira egin zuten atzoko bilera. Festa eta gazteak izango dira protagonista, eta koadrila, kirola, musika, paellada eta antzeko elementuen nahasketarekin osatuko dute eguna. Horretarako, aurrera begirako urratsak identifikatu zituzten.

Lehenik eta behin, ingurukoen iritzia kontuan hartuta, ideia guztiz finkatuko dute. Gainera, antolatzeko jendea hurbildu dadin saiatuko dira, izan ere, perfil ezberdinetako gazteeak elkarlanean aritzea da helburua. Talde ireki horren hurrengo lana izango da egitaraua osatzea, eta gauzak lotu ahala, egunean parte hartzeko deia zabaltzea. Esaterako, ahoz aho zabaltzeaz gain, bideo baten bidez komunikatzea eraginkorra izango dela adostu zuten.

Beraz, prozesu parte hartzaile honen bidez talde motore bat sortu da, aurrerantzean lanean jarraituko duena eta, ahal den neurrian, gazteen beharrak asetuko dituena. Udalak lagunduko die ekonomikoki, 15000 euro emanez, eta elkarlaguntza egongo den arren, gazteek autonomiarekin egingo dute lan. Antolatzen jarraitzeko hurrengo bilera abenduaren 5ean izango da, 19:00etan Basteron.

Gazteentzako beste hainbat proiektu
Udalak, gazteen beharrak eta eskariak kontuan hartuta, proiektu batzuk aurrera eramateko asmoa duela jakinarazi zuen atzo. Hala, aurrekontu horretatik kanpo, 2015erako hiru proiektu nagusi dituztela esan zuten. Batetik, liburutegi baten beharrak bultzatuta, herriko ikastetxeekin ikasteko leku bat eskaintzea hitzartuko dute. Bestetik, baratza komunala jarriko dute Gaztetxe ondoko lurretan. Azkenik, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Andoainen hutsik dauden etxeen diagnosia egingo dute. Hau da, hutsik dauden etxeak aztertuko dituzte: alokatzeko moduan dauden ala ez erabakitzeko, jabeak prest dauden jakiteko… eta galbahe hori pasata, alokairuan jarriko dituzte Udalak lagunduta.

Advertisements

Parte hartzea prozesuaren bilera erabakigarria, asteazken honetan

Asteazken honetan amaiera emango zaio “Gazteok hartu hitza!” parte hartze prozesuari. Arratsaldeko 18:30etan hasita Basteron, etorkizun hurbilean zehaztuko diren hainbat egitasmo erabakitzen hasiko dira. Gazteen parte hartzea funtsezkoa da.

Azaroak 19, asteazkena. 18:30. Bastero. Bilera irekia da.

Andoaingo gazteak elkartuko dituen dinamika zehazten hasi ziren atzo, Basteron egindako bileran

gazte

Bideoa

Atzo osatu zen gazteen parte hartze prozesuaren bigarren fasea. Basterora bertaratu zirenek aurretik finkatutako proposamen guztien artean erabaki zehatzago bat hartzea izan zuten helburu.

Kirola, azpiegitura, lana eta etxebizitza, espazioa eta aisialdirako eskaintzarekin zeuden lotuta lehenengo fasean jasotako proposamenak. Horietako asko, ordea, ideia orokor eta abstraktuak dira; gazteen parte hartzea lortzea, esaterako; edota, aurrekontutik kanpo geratzen dira, etxebizitzen arazoari aurre egitea, adibidez. Horregatik, atzoko bilera proposamen zehatzago bat garatzeko erabili zuten.

Andoaingo arazo nagusiena gazteriaren sakabanaketa eta belaunaldien arteko harreman falta dira. Hori dela eta, gazte dinamika baten bitartez, arazo horri buelta eman nahi diote. Gazte dinamika hori definitzea da, beraz, orain egin beharrekoa. Atzo hasi ziren horretan eta gazteak festaren aitzakian mugitzen direnez, festarekin lotutako zerbait egitea adostu zuten.

Andoainen koadrillen egunak indar handia duenez, antzeko beste egun bat antolatzea interesgarria iruditu zitzaien, herriari bizia emateaz gain gazteen arteko komunikazioa ahalbidetu dezakeelako. Baltsa jaitsiera festetan egin ordez beste egun batean antolatzea proposatu zuten, edota garai batean izandako olinpiadak berreskuratzea, koadrillen arteko joko edota bazkaria izango dituen festa egun bat, kontzertuak…

Ideiak finkatzen hasi ziren, baina ez zuten guztiz zehaztu. Hala ere, argi dute ekintza edo ekintza sorta horiek gazteak elkartu eta mugitzeko izango direla, perfil ezberdinetako gazteak elkarlanean jarriko dituena, guztientzako hurbiltzeko erraza izango den tokian eta, posible balitz, behin baina gehiagotan egingo dena. Gainera, antolatzaileak gazteria guztiaren lagin txiki bat izatea nahiko lukete, adin eta inguru ezberdinetako gazteak elkartutako taldea izatea, alegia.

Ideia hauek guztiak azaroaren 19ko bileran zehaztuko dituzte. Udalak orain arteko proposamen guztiak jaso ditu eta horiek aztertzen ari da, bideragarriak direnak emango dituelako aurrera. Prozesu honen azkeneko bilera izango da 19koa eta bertan proposamen bideragarriak zeintzuk diren azalduko dute. Horien artean erabaki eta guztiz zehaztea izango da gazteen lana.

Bigarren bilera emankorra Gaztetxean

gazte2

Atzo -urriak 14- gazteen prozesu parte hartzailearen bigarren solasaldia izan zen Gaztetxean eta bertara hamar lagun bildu ziren. Andoainen hutsuneak eta indarguneak identifikatzea izan zen bileraren helburua, eta talde txikitan lan egin bazuten ere, denek behar antzekoak zituztela ikusi zuten.

Andoaingo gazteria sakabanatuta zegoela azaldu zuten, ez zutela inon biltzeko espaziorik ez ekintzarik. Bakoitza bere koadrilarekin ibiltzen omen da, goikoak goian geratuz eta behekoak behean geratuz. Ez dute belaunaldi arteko komunikaziorik eta hori sustatzeko ekintzarik, horregatik, askok Gaztetxera jotzen dutela aitortu zuten. Garai batean Gaztetxeak gazteria osoa zentralizatzen zuela, baina hori galdu egin dela zioten. Egoera horretara itzultzea amesten dute.

Guztiek aipatu zuten Bastero bezalako kulturgune bat herrian izatea oso indartsua dela, baina kexa agertu zuten ez duelako gazteentzako programaziorik eskaintzen, haurrei edo helduei begirakoa soilik. Ondorioz, kultur eskaintza murritzaz gain, gazteei begirako ekintzak nahi dituzte; ikastaro berritzaileak, esaterako. Kulturari lotuta, herrian dauden kultur eragileen arteko komunikazio falta dagoela adierazi zuten, herrian zehar sakabanatuta daudela eta ez dutela ezer bateraturik sortzen. Denak gertuago egongo balira, herriari begirako zerbait sortuko luketela zioten.

Beraz, kulturari bultzada ematea eskatzen diete Udalari. Baita musikari ere; izan ere, entseguetarako lokal falta dutela eta gainontzeko herrietan bezala, Udalaren aldetik lokal insonorizatuak lortzeko aukera eskatu zuten. Azkenik, herriko eraikin publikoen berrantolaketa eskatu zuten; liburutegi hobea eskatuz, esaterako.

Behar nagusiak eta proposamenak

Ideia sorta horren ostean, bilerara hurbildutakoek lehentasunak azpimarratu zituzten. Guztietan lehena, gazteria aktibatzea zela esan zuten. “Ez dut uste herri honen arazoak diruarekin konpondu daitezkeenik”. “Gazteria hilda dago, parte hartzea falta da”. Behar nagusietako bat kaleari bizia jartzea zela zioten. Kultur eskaintzen bidez, gazteen arteko komunikazioa ahalbidetzeko eta harremanak indartzeko.

Horrez gain, azpiegiturak berrantolatzeko eskatu zuten; hutsik zeuden espazioei erabilera emanez (musika lokalak, kultur taldeentzako espazio bateratua, etxe hutsak eskuragarriago jarri…), eta existitzen direnak aldatuz (liburutegi hobea…).

Honakoak izan ziren Udalari egindako proposamen zehatzak:

  • Gazteentzako kultur programazio zehatza, bai kalean bai espazio itxietan. Gazteak irizpide izatea eta Udalak gazteekin elkarlanean antolatzea.
  • Eraikin publikoen berrantolaketa (gazteak biltzeko, entseatzeko, ikasteko…).
  • Tailer komunalak (sorkuntza, konponketa, ikastaroak…) eta baratza komunala.
  • Herriko elkarteen sarea osatzea, harremana sortu eta elkarrekin ekintzak sortzeko. Laguntza burokratikoa Udalaren aldetik.
  • Utzita dauden leku irekiak berritu (beheko plaza berregokitu, plazak txukundu, aulkiak jarri…). Espazio irekiak kirolerako egokitu (gimnasio irekia kiroldegi atzean, tren geltokian parkean skate park-a…).
  • Etxebizitza hutsen kudeaketa. Alokairu soziala sustatu, kudeaketa publiko bidez.