Bigarren bilera emankorra Gaztetxean

gazte2

Atzo -urriak 14- gazteen prozesu parte hartzailearen bigarren solasaldia izan zen Gaztetxean eta bertara hamar lagun bildu ziren. Andoainen hutsuneak eta indarguneak identifikatzea izan zen bileraren helburua, eta talde txikitan lan egin bazuten ere, denek behar antzekoak zituztela ikusi zuten.

Andoaingo gazteria sakabanatuta zegoela azaldu zuten, ez zutela inon biltzeko espaziorik ez ekintzarik. Bakoitza bere koadrilarekin ibiltzen omen da, goikoak goian geratuz eta behekoak behean geratuz. Ez dute belaunaldi arteko komunikaziorik eta hori sustatzeko ekintzarik, horregatik, askok Gaztetxera jotzen dutela aitortu zuten. Garai batean Gaztetxeak gazteria osoa zentralizatzen zuela, baina hori galdu egin dela zioten. Egoera horretara itzultzea amesten dute.

Guztiek aipatu zuten Bastero bezalako kulturgune bat herrian izatea oso indartsua dela, baina kexa agertu zuten ez duelako gazteentzako programaziorik eskaintzen, haurrei edo helduei begirakoa soilik. Ondorioz, kultur eskaintza murritzaz gain, gazteei begirako ekintzak nahi dituzte; ikastaro berritzaileak, esaterako. Kulturari lotuta, herrian dauden kultur eragileen arteko komunikazio falta dagoela adierazi zuten, herrian zehar sakabanatuta daudela eta ez dutela ezer bateraturik sortzen. Denak gertuago egongo balira, herriari begirako zerbait sortuko luketela zioten.

Beraz, kulturari bultzada ematea eskatzen diete Udalari. Baita musikari ere; izan ere, entseguetarako lokal falta dutela eta gainontzeko herrietan bezala, Udalaren aldetik lokal insonorizatuak lortzeko aukera eskatu zuten. Azkenik, herriko eraikin publikoen berrantolaketa eskatu zuten; liburutegi hobea eskatuz, esaterako.

Behar nagusiak eta proposamenak

Ideia sorta horren ostean, bilerara hurbildutakoek lehentasunak azpimarratu zituzten. Guztietan lehena, gazteria aktibatzea zela esan zuten. “Ez dut uste herri honen arazoak diruarekin konpondu daitezkeenik”. “Gazteria hilda dago, parte hartzea falta da”. Behar nagusietako bat kaleari bizia jartzea zela zioten. Kultur eskaintzen bidez, gazteen arteko komunikazioa ahalbidetzeko eta harremanak indartzeko.

Horrez gain, azpiegiturak berrantolatzeko eskatu zuten; hutsik zeuden espazioei erabilera emanez (musika lokalak, kultur taldeentzako espazio bateratua, etxe hutsak eskuragarriago jarri…), eta existitzen direnak aldatuz (liburutegi hobea…).

Honakoak izan ziren Udalari egindako proposamen zehatzak:

  • Gazteentzako kultur programazio zehatza, bai kalean bai espazio itxietan. Gazteak irizpide izatea eta Udalak gazteekin elkarlanean antolatzea.
  • Eraikin publikoen berrantolaketa (gazteak biltzeko, entseatzeko, ikasteko…).
  • Tailer komunalak (sorkuntza, konponketa, ikastaroak…) eta baratza komunala.
  • Herriko elkarteen sarea osatzea, harremana sortu eta elkarrekin ekintzak sortzeko. Laguntza burokratikoa Udalaren aldetik.
  • Utzita dauden leku irekiak berritu (beheko plaza berregokitu, plazak txukundu, aulkiak jarri…). Espazio irekiak kirolerako egokitu (gimnasio irekia kiroldegi atzean, tren geltokian parkean skate park-a…).
  • Etxebizitza hutsen kudeaketa. Alokairu soziala sustatu, kudeaketa publiko bidez.

 

“Gazteok hartu hitza!”, bi hitzordu berri datorren astean

Datorren astean “Gazteok hartu hitza!” parte hartze prozesuaren baitan bi bilera berri deitu dituzte.

–Gazte lonjetako erabiltzaileei eta Gaztetxeko kideei zuzendutazo bilera:
18:30 Gaztetxea. Urriak 14, asteartea.

–Deialdi irekia:
18:30 Bastero. Urriak 15, asteazkena.

Lehen bilera egin zuten Ondarreta ikastetxean

parte

Atzo -urriak 8- izan zen Andoaingo gazteen prozesu parte hartzailearen lehenengo bilera. Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak gutun bidez gonbidatuta egon arren, parte hartzea ez zen oso handia izan. Presentzialki gutxi arren, idatziz proposamenak bidali dituzten ikasleen kopurua 20 ingurukoa izan zen.

Hitzordura hurbildu ziren 16 urteko bi gazte horiek gogotsu eta ideiak elkarbanatzeko asmoarekin etorri ziren. Lagun artean hitz egindakoa helarazi zieten Aztikerreko dinamizatzaileei. Andoaingo euskararen egoerarekin kezkatuta daudenez, horren aurrean zerbait egitea gustatuko litzaiekela adierazi zuten. “Gure adinean euskaraz hitz egiten dugu, baina atzetik datozen belaunaldiek gaztelerara jotzen dute. Kalean ere ez da euskararik entzuten… Beraz, euskara sustatzeko zerbait sortu nahi dugu”.

Bestalde, 16-17 urte inguruko gazteak asteburuetan elkartzeko espazio falta sumatzen dute. Izan ere, Gazte Lokalera joateko zaharregiak eta Gaztetxera joateko gazteegiak sentitzen dira. Bi espazio horien artean galduta, Allurraldera eta Ubitartera jotzen dute partidak ikustera. Gainera, adinka oso sailkatuta daudela azaldu zuten, eta adin ezberdinetako gazteak ez direla elkarrekin harremantzen. Horregatik, asteburuetan kultur jarduerak sustatzea eskatzen dituzte, adin horretako gazteak nonbait bildu eta elkarren artean ezagutzeko.

Parte hartze prozesu honetan Andoaingo gazteek proposamenak egiteko aukera daukate, blog honetan bertan. Eta horrez gain, datorren astean beste bi bilera deitu dituzte. Hitzordu zehatzak Egutegia atalean ikusgai daude.

Aste honetan abiatuko da bilera sorta

Urriak 8, asteazkena. 18:00 Ondarreta ikastetxea:
–Nolakoa da gaur egungo Andoain? Zer botatzen duzu faltan?
–Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta.

“Gazteok hartu hitza!” Andoaingo 16-29 urte arteko gazteei zuzendutako parte hartze prozesua aste honetan abiatuko da.

Gaizka Licona, Aztikerreko ordezkaria eta dinamizatzailea:
“Beharrak identifikatu eta proposamenak botatzea izango da helburua”

Helburua Andoaingo gazteriaren parte hartzea lortzea eta aktibo bilakatzea da, eta Udalak gazteriari begira jarritako diruaren inguruan erabakiak hartzea. “Saiatuko gara gazteek beraien egoeraren autodiagnostikoa egiten. Andoainek zein behar ditu? Zein hutsune? Zein gauza on ditu? Beharretan sakonduta, beraien proposamen zehatzak jasoko ditugu. Izan ere, beharrak identifikatu eta proposamenak botatzea izango da helburua”.
Prozesua solasaldi eta talde lanetan eramango da aurrera.  Talde lanean oinarrituko da gehienbat prozesua, eta erabakiak kolektiboak izango dira.

 

“Gazteok hartu hitza!” parte hartze prozesua Andoainen

Iazko urte hasieran auzoz auzo zabaldu zen “Parte hartze hariak lotuz” egitasmoaren bidetik, udazken honetan Andoaingo Udalak 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean parte hartze prozesua abiarazi nahi du. Laster, adin tarte horretako herrikideek gutun bana jasoko dute. Bertan egitasmoaren berri ematearekin batera, hitzordu ezberdinen egutegia jasoko dute. Helburu nagusia honakoa da: “epe laburrean Udalak bultzatu beharko lituzkeen proiektu, ekimen edo egitasmoen inguruan eztabaidatzea”.
Gazteei hitza eman nahi diete eta, zehazki, galdera hauek abiapuntu bezala izango dituzte: “Zein da zure proposamena? Ze behar edo helbururi erantzuten dio? Zer hobetuko litzateke proposamen honekin? Nor (nortzuk) izango da proposamen honen onuradun?”. Datozen asteetan ikastetxeetan eta Gaztetxean buzoi bana jarriko dute galdera horien erantzunak uzteko. Bada beste bidea ere, internet sarea erabiltzea. Andoain.org webgunean sartuta edota edo andoain@andoain.org e-posta erabilita.

gazteok